cabecera_05.jpg

Debagoiena Baserri Sarea

Una forma de vida

Galartza + Uzarraga

Uzarraga eta Galartza ezagutzeko bidea ematen digu ibilbide honek. Bergara aldean, baina Antzuolako udalerrian kokatuta dauden baserriak ikusteko aukera izango dugu.

  • Denbora: 3 ordu
  • Distantzia: 7,78 km
  • Zailtasuna: Erdi mailakoa

DESKRIBAPENA:

  • Antzuola: Beheko auzotik -Etxezuri baserritik- hasten den Uzarragako bidea hartuko dugu, Sallabente, Arimendi eta Iturriotz baserriak pasatuz.

  • Lausagarreta eta Elutzeko karobiak (Uzarraga): Lehenengoa, Uzarragako bide zaharrari jarraituz, Lausagarreta baserriaren azpian aurkituko dugu; bestea, hau ere Uzarragako bide zaharrari jarraituz, Lausagarreta baserriaren gainean dago, Elutza baserria egon zen tokiaren inguruan hain zuzen. Ez daukagu herrian ondo kontserbatzen den karobi asko, beraz bi hauek izan daitezke salbuespen, beren ataka (azpiko arkua) eta goiko ganga edo bobeda eta guzti.
  • Uzarraga: Tenplario garaikoa omen den eliza zahar (Antzuolako lehen parrokia) honen kanpoaldea egoera tamalgarrian badago ere, eliza barrua dugu bertan interesgarriena (Erretaula Antxietaren eskolakoa, bere ikasle Jeronimo de Larreak eginikoa XVII. mendean eta Marfilezko edo Urrutiko gurutzea ere XVII. mendekoa da, Mejikon bizi zen Urrutia baserriko seme batek bidalia). Uzarraga gainean, Sarralde eta Galartza auzoko bidean, gurutzebide bat aurkitzen dugu; bertatik, ezker aldera hartuz gero, Santa Kruz daukagu.
  • Santa Kruz (Uzarraga): Bertan, XVIII. mendera arte, Santa Kruz izeneko baseliza egon zen, eta hor lurperatzen omen zituzten Leintz bailarako gizon ospetsuak, tenplarioen babesean.
  • Sarralde (Galartza): Hutsik. Barruan gordetzen da igeltsoz eginda armarriaren kopia. Horrez gain, sapaian gordetzen da garai bateko dolare habe ederra. Urrutia baserrira iritsi aurretik, Bereterio (Beteixo) baserria, suteen ondorioz etxe egitura zeharo aldatuta daukana.
  • Urrutia (Galartza): Bizkaiko Zaindari Berriotxoako Balentinen amaren -Maria Monika de Arizti- jaiotetxea dugu berau, baserriko oroigarriak azpimarratzen duen bezalaxe. Hemendik Bergara aldean kokatutako baserrietara eramango gaituen bidea hasten da. Eta kilometro batera...
  • Gorrizandia (Galartza): Ateondo edo ezkaratza polita dauka, zutabe eder eta guzti. Gainaldean, berriz, Gorriztxikia, Elorriaga eta Ameztizar baserriak ikus daitezke. Behealdean, erreka zokoan, Galartzako errota, 1920an eraikia baina egun egoera fisiko kaxkarrean. Bertan, garai bateko tresneria mantentzen da, eta ateondoan perratzeko tokia -ingude eta guzti- dauka.
  • Ugarriagazpikoa eta gañekoa (Galartza): Bertan ikus daitezke, ia-ia baserriekin bat eginez, Bergara aldera Antzuolak dituen mugarriak. Inguruan abelazkuntza-kooperatiba dago eta, gainaldean, bidetik beste aldera, Antzuolako Portu etxea.
  • Etxeberrisoro (Galartza): Hutsik. Ugarriaga baserrien azpian, ate gainean, ulergaitza den inskripzioa dauka. Egun abelazkuntza-kooperatibak darabil baserri hau. Galartzako errekaruntz, eta batetik bestera zeharkatzeko gure erreketan hain gutxi gelditzen diren zubitxo bat pasatuz, beheruntz hartuko dugu, egun ia hutsik dagoen Galartza baserriarekin topo egin arte. Bertan, antzinako trenbide (1971ko otsailean desagertua) inguruan hasten den aspaldiko bidezidorra hartuz...
  • Besagasti (Galartza): Hutsik. Oholezko aurrealde interesgarria (XVI-XVII.mendekoa). Gipuzkoa barruan, Ezkio-Itsason dagoenarekin batera, ikusgarrienetakoa. Interes arkitektoniko-artistiko handia dauka konjunto osoak: ezkaratzako zutabeak, matxinbrerak, dolarearen zutabeak,... nahiz eta egoera fisiko kaxkarrean egon.
  • Mendiola (Galartza): Hutsik. Arbelez eginiko aurrealde arkodun ederra ikus daiteke eta gainean antzinako egurrezko leihoak dauzka.
  • Santa Ageda ermita (Galartza): Bertako Andra Mariaren irudia (Santa Anarena eta XIII. mendekoa zena) 1984an lapurtu zuten eta oraintsu agertu da. Antzina ermita hau San Llorenteri -San Lorenzo- eskainita bazegoen ere, egun Santa Ageda da bertako zaindari; jaia, otsailaren 5ean, San Blas ostean, ospatzen da. Bertan ogia eta haziak bedeinkatzen dira.
  • Untzarri (Galartza): Hutsik. Baserriaren aurreko ohol-egitura polita eta bitxia dauka. Eta bertatik hasten den porlanezko bideari jarraituz, Iturriotz (Uzarraga) baserriaren ingururaino; hortik, kilometro eta erdira, Antzuola.

Eguraldia

Martxoa 2024
A A A O O L I
26 27 28 29 1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31
Or Mar 29
Aste Santua
Or Mar 29
Aste Santua
Or Mar 29
Aste Santua
Or Mar 29
Aste Santua
Or Mar 29
Aste Santua
adr_logo

Deba Garaia LGE
Urteaga, 21
20570 Bergara • Gipuzkoa
Tel.: 943 76 25 47 • Fax: 943 76 02 94
info@baserrisarea.com


Kolaboratzaileak

ejgfamancomunidad

Deba Garaia LGE

Gema Arrugaeta (Argazki Artistikoak)